Pasa den 2011ko urriaren 26 eta 27an Etxebizitzari buruzko IX. jardunaldiak ospatu ziren Bizkaiko Batzar Nagusietako hitzaldi aretoan, Leizaola Fundazioaren esku. Ekitaldiaren irekialdi ofizialean Mª Paz Larrumbidek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta garraio saileko Etxebizitza sailburuordeak; Angel Eliasek, Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako Zuzendariak; eta Jose Antonio Dorronsorok, Leizaola Fundazioko lehendakariak parte hartu zuten. Ondoren, Larrumbidek irekiera-hitzaldia ere eskaini zuen, alokairua gazteen etxebizitza eskuratzeko aukera erdigunea izanik.
Jardunaldi berean Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendariak, parte hartu zuen. Bere hitzaldiaren mamia etxebizitzen birmoldaketa eta garapen jasangarriaren aldeko apustua izanik. Kasu honetan, aurkezlea Pilar Kaltzada, IDEko Komunikazio eta Erakundeekiko harremanen zuzendaria, izan zen.
Bigarren jardunaldiari dagokionez, hasierako hitzaldia Ana Telleriak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio saileko Etxebizitzako aholkulariak, eskaini zuen. Telleria adostasuna, gardentasuna eta hiritarren parte-hartzearen sustapenaren inguruan mintzatu zen. Jose Antonio Dorronsoro hitzaldiaren aurkezlea izan zen.
Azkenik, etxebizitzaren inguruko mahai-ingurua antolatu zen, non aditu eta profesional talde batek egungo higiezinen sektorearen egoera aztertu zuen. Mahaikideak izan ziren, Jose Luis Azkarate, LKS Ingeniaritzako hirigintzako arkitektoa; Iñaki Urresti, ASCOBIko zuzendari kudeatzailea; José Ramón Gorostiza, Bizkaiko Higiezinen Jabedunen Elkarteko presidentea; eta José Mª Escolástico, Bilboko Udal Etxebizitzetako zuzendariorde juridiko administratiboa. Mahai inguruaren aurkezle eta moderatzailea Agurtzane Bilbao izan zen.
|